S.E.A.D.(Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa)

Mendebaldeko Sahara Afrikan deskolonizatzeko geratzen den azken lurraldea da.

Kanariar uharteen pareko kostaldean, Maroko eta Mauritaniaren mugen artean kokatzen den 266.000 km-ko lurralde honek baliabide ekonomiko ugari gordetzen ditu.

Espainiak XIX. mendeko azken urteetan indarrez okupatu zuen eta, ehun urteko kolonizazioaren ondoren, 1976an, Mauritania eta Marokoren eskuetan utzi zuen lurraldea, aurretik sinatutako Madrilgo Hitzarmenen bidez. Hitzarmen horiek nazioarteko eta estatu mailako legeria urratu zuten eta gaur egungo gatazka egoeraren oinarria dira.

Gaur egun Marokok lurraldearen bi heren okupatzen ditu. Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuak eta lurralde askatuak 2.700 kilometroko HARRESI batek banatzen ditu.

Lurralde okupatuetan, sahararrek ikara eta garbiketa etnikoko agintepean bizi dira. Marokok lurraldea okupatu zuenetik, giza eskubideen urraketa anitzak jasaten ditu saharar biztanleriak.

Harresiaren ekialdean, aljeriar lurraldean, SAHARAR ERREFUXIATUEN KANPAMENTUAK daude. Bertan, 200.000 pertsona inguru bizi dira herbestean. Fronte POLISARIOAk, saharar herriaren ordezkari politikoa, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) mantentzen du, Espainiak Mendebaldeko Sahara behin betiko utzi zuen egunean bertan aldarrikatua (1976ko otsailaren 27an).

Tindufeko kanpamentuetan –Algeriako basamortuan– errefuxiatutako saharar biztanleak oso baldintza txarretan bizi dira, planetako lurralderik ezatseginetako batean bizi baitira laguntza humanitarioaren mende.

Saharar gazteak biztanle errefuxiatuen kanpamentuetan:

Esku hartzeko esparru estrategikoa osatzen dute gazteek, etorkizunean haiek izango baitira kolektibo zuzentzailea. Saharar gizarte errefuxiatuaren kasuan, gazteen kolektiboari arreta ematea ezinbestekoa da, gero eta zailagoak diren bizi baldintzak direla medio, biztanleak erresistentzia-gaitasuna galtzen ari direlako eta higadura handia jasaten ari dira.

 

Zailtasun asko dituzte gazteek gaur egun, baina errefuxiatuta bizi diren saharar gazteen kasuan zenbait berezitasun daude:

 

  • «Bakerik eta gerrarik ezako» aldi luzea eta gerraren bidea gutxika-gutxika aldatzea konponbide baketsuarekin, nazioa osatzeko prozesuan.
  • Irekiera politikoen, ekonomikoen eta sozialen atmosfera.
  • Gazteekin lan egiten duten organismo eta erakundeen prestakuntza- zein gaitasun-galera, politikarekin, historiarekin, kulturarekin eta legeriarekin loturiko guztian, bereziki, auzi nazionalari dagokionez.
  • Enplegu-aukeren mugapena, bereziki, langile kualifikatuentzat eta emakumeentzat.
  • Kualifikazio handiko pertsona efizienteen talentuaren emigrazioa.
  • Saharar gazteen prestakuntzarako eta aisialdirako instalazioen eta egituren eskaintza txikia.
  • Sektore nazional askoren ezintasuna bertako gazteen potentzialari erantzuna eta aukerak emateko.
  • Gazteen inplikaziorik eza parte-hartze politikoan, sozialean eta ekonomikoan.
  • Gazte askok ez ezagutzea nortasun-nolakotasunak, elementu bereizgarriak nahiz historia eta kultura nazionalen norabidea eta etorkizuna. Horrek eragin negatiboa dakarkio kultura-balioen zein balio nazionalen sistemari.
  • Parte-hartze politiko txikia.
  • Eskola uztearen zifra kezkagarriak.
  • Gizartearentzako arriskutsuak diren fenomenoak hedatzea –unera arte eskala txikian–, hala nola delinkuentzia, drogen kontsumoa eta trafikoa, ebasketak, bortxaketak, estremismoa…

Saharar gazteak Marokok okupatutako eremuetan:

Gatazka askoz biziago da eremu okupatuetan bizi diren gazte sahararren artean. Saharar biztanleek etengabe jasaten dituzte atxiloketak, gehiegikeriak eta torturak. Beldurrez bizitzea normalizatuta dago, edozer unetan desagertu daitezkeelako edo erail ditzaketelako. Marokok erabateko zigorgabetasuna du horrelako ekintzengatik, eta, gainera, nazioarteko behatzaileei ez die lurraldean sartzen uzten. Polisario Frontearen aldarrikapen politikoak babestuz gero, espetxean sartuko zaituzte eta epaiketek ez dute inolako prozesu-bermerik: akusazio, lekukotza eta froga faltsuak onartzen dituzte epaileek.

 

Eskubide zibil eta politikoen gaineko urraketez gain, gazte sahararrei beste hainbat mugapen egiten dizkiete, eskubide ekonomikoekin, sozialekin eta kulturalekin lotuta.

 

  • Hezkuntzarako eskubidea: eremu okupatuetan, Marokoko Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak kudeatzen du hezkuntza-sistema publikoa. Legearen arabera saharar biztanleei irekitako sistema bada ere, haurrek zein gazteek diskriminazio handia jasaten dute. Ikastetxe pribatuetan kalitate handiagokoa da hezkuntza, baina saharar familia ugarik ez daukate nahikoa baliabide ekonomikorik ikasketak finantzatzeko. Eremu okupatuetan ia ez dago aukerarik goi-mailako ikasketarik egiteko, ez baitago unibertsitaterik. Ondorioz, Marokoko hirietara joan behar dira, non diskriminazioa handiagoa den. Gainera, ez diete uzten adar zientifikoko karreretan matrikulatzen.

 

  • Osasunerako eskubidea: Lurralde okupatuetan, osasun-sistema ez da nahikoa biztanle guztientzat, eta gabezia handiak dauzka. Medikuntza orokorra baino ezin da eskuratu, ez baitago arreta espezializatuko zerbitzurik. Zerbitzu publikoak ordaindu behar dira, beraz, ez dago osasun-sistema unibertsalik. Saharar biztanleek ez dute konfiantzarik sentitzen eta ez dute beren burua babestuta ikusten, zabarkeria medikoko kasu anitz daude eta. Aurrekari politikoak dituztenak eta beren ahaideak zigortzeko tresna gisa erabiltzen da osasuna.

 

  • Lanerako eskubidea: Sahararrentzako oso zaila da lan-merkatuan sartzea, unibertsitateko titulua dutenentzako ere bai, eta, bereziki, giza eskubideak modu irekian defendatzen dituztenentzat. Barne-Arazoetako Ministerioak zerrenda bat dauka, non aldarrikapen politikoetan parte hartzen duten pertsonen izenak jasotzen dituen. Horrez gain, pertsona horiei betoa jartzen die, sektore publikoko lanpostuak eskuratzeko oposizioak egiteko aukerarik izan ez dezaten. Lan-esparru pribatuan, sahararrek desabantaila handiak dituzte: soldata txikiagoak, oporraldi txikiagoa, lan prekarioagoak… Emakumeek urraketa gehiago jasaten dituzte, egunero jasan behar dituztelako sexu-jazarpena eta sexismoa.